XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

Arraunketa

Arraunek erraz eskuratu zuen Kontxarako txartela

Lugañene aise gailendu zitzaien atzo Fortuna eta Ur Kirolak-i

Donostia-Arraun Kontxako Banderan izango da iraileko lehenengo bi igandeetan. Lugañenek pronostikoa bete zuen, eta aise nagusitu zen atzo Donostiako badian jokatutako estropadan. Fortunak ezustekoa eman zuen, eta aurrea hartu zion hirugarren bukatu zuen Ur Kirolak taldeko traineruari.

Iaz bezala, aurten ere Donostia-Arraunek lortu du Kontxarako sailkapena donostiarren artean.

DAGOENEKO erabakita dago aurtengo Kontxako Banderan parte hartuko duten traineruetako bat zein izango den.

Izan ere, Donostia-Arrauneko traineruak ez zuen inolako arazorik izan denboraldiko estropada garrantzitsuenerako txartela eskuratzeko Fortuna eta Ur Kirolak mendean hartu ostean.

Bi untziek beste aukera bat izango dute Kontxan sartzeko datorren irailaren 3an jokatuko den sailkatzeko estropadan.

Arratsaldeko zazpietan hastekoa zen Donostiako traineruen arteko estropada, baina hasiera zertxobait atzeratu zen, eta Donostia-Arraunekoek ez zuten ezustekorik nahi eta gogor ekin zioten lanari estropada hasieratik.

Asier Lopezek zuzenduriko traineruak argi eta garbi erakutsi zuen faborito nagusia zela Kontxarako txartela eskuratzeko, eta ez zuen huts egin.

Donostia-Arraunek egin zuen denborarik onena atzoko estropadako ziaboga bakarrean.

Barruranzko luzean Lugañenek gogor jardun zuen, eta helmugan alde handia kendu zien bi aurkariei.

Fortuna 42 segundora sartu zen, eta Urki 50 segundora. Fortunaren bigarren postua ezustekoa izan zen.

Bestalde, Getxoko traineruak irabazi zuen atzo iluntzean Algortan jokatu zen Portu Zaharra Banderako bigarren ekitaldia.

Lehenengoa 1978an jokatu zen, eta Kaiku izan zen garaile.

Hamaika untzi izan ziren lehian iluntzeko 19:30etatik aurrera, bi txandatan banatuta.

Lehenengoan Deustu nagusitu zen Getxo B, Ur Joko, Pontejos eta Iberiaren aurretik.

Bigarren txandan lehia polita izan zen Getxoren eta Lekeitioko Isuntzaren artean.

Getxotarrek egin zuten denborarik onenak ziaboga guztietan.

Lehenengoan bi segundoko aldea kendu zioten Isuntzari, eta alde hori handituz joan zen estropada aurrera joan ahala.

Estropadako lehenengo bien arteko aldea zortzi segundokoa izan zen bigarren ziabogan eta 13koa hirugarrenean.

Azkenean Getxok 20 segundo kendu zizkion Isuntzari. Santoña izan zen hirugarren, Lutxana, Arkote eta Camargoren aurretik. Getxo, Algorta eta Areetako Raspas del Embarcadero arraun taldeetako arraunlariek osatzen duten traineruaren lehenengo garaipena izan zen atzokoa.